5. ibilbidea. Astrabudua – Lutxana

Ibilbide honetan, erriberako Erandion zehar paseoa proposatzen dizugu, lehorraren eta itsasertzaren arteko lotura moduan erabilitako bide bat, hala merkataritzako salerosketetarako nola negozio industrialetarako, baina, batez ere, zirgatik tiraka ontziei itsasadarrean gora Bilboko hiribilduraino joaten laguntzen zieten emakumeei aurrera egitea ahalbidetzeko.
Lagundu gaitzazu ibilbide honetan, eta gozatu Erandioko paisaiarik ikonikoenetako batez.

h

PDF deskargatu

Google Maps

Wikiloc

Zer hobe ibilbide honi ekiteko Axpeko Kaitik itsasadar langilea behatzea baino. Hemendik Bizkaiko Labe Garaietara, ezkerraldean, joateko irteten ziren ontzien etengabeko mugimendua gogora ekartzen digun behatoki paregabea.

Toki honetatik abiatuta eta itsasadarraren parean ibilita, Axpeko antzinako harrobia ikusiko dugu; handik erauzitakoak, XIX. mendearen amaieraz geroztik, Altzaga auzoaren zati bat betetzera bideratu ziren, besteak beste, baita itsasadarra bideratzera ere. Gaur egun eraikin berrien multzo bat ikusten dugun lekuan, Metalquímica del Nervión enpresa ezarri zen 1962an, pirita-, kobre- eta zink-errautsak kobrezko kontzentratuak eta burdin mea aberastua lortzeko baliatu zuen lehen enpresa Estatuan. Gaur egun industrialde bat dago leku horretan, eta harrobi zaharraren paretetan belatz batzuk ikusten dira.

Itsasadarreko errepidean aurrera egingo dugu; espazio honetan ibili zen, 1877az geroztik, animaliaz tiratutako Compañía Tranvía Bilbao a Las Arenas konpainiaren lehen tranbia, eskuinaldeko herriguneak lotzen zituena. Erandiok hainbat geraleku izan zituen: Desertu, Lutxana eta Axpe.

Bidearen zati honetan zegoen, gutxi gorabehera, Fraidearen Harkaitza, itsasgoran ezkutuan geratzen zena eta nabigatzea arriskutsu bihurtzen zuena. 1882an, Evaristo de Churrucak, Portuko Obren Juntako zuzendariak, behin betiko irtenbidearen alde egin zuen, bideratze-dike bat sortuz, Fraidearen Harkaitza haren parte zela. Horrela sortu zen Axpeko dartsena, 540 metro luze den dike bat, ilabez zedarritua. Horrela, Churrucak Axpeko bihurgunea leuntzea lortu zuen, eta marinelei eta nabigatzaileei hainbeste buruhauste eragindako itsasadarraren zati hau bideratzea.

Toki honetatik abiatuta Altzagako industria gunera iritsiko gara. Gestamp eraikina aurkituko dugu, automobilen osagarriak diseinatzera, garatzera eta fabrikatzera dedikatutako nazioarteko taldea. Eraikina, jatorriz, Industrias Aguirena enpresarena izan zen, makineria elektriko astunera dedikatua.
Alfredo Palomarrek 1953an diseinatua da, eta sarrera nagusiko atari klasizista dotorearengatik nabarmentzen da.

Eraikin honen aurrean Astilleros de Murueta enpresaren instalazioak ikusten dira, itsasontzien fabrika garrantzitsua, espezializazio handikoa, 156 metro luze den harmaila bat daukana. Haren pelikano motako garabiak udalerriko zeruan nabarmentzen dira, inguruak izandako ontzigintza tradizio luzearen enblema bihurtuta gaur egun. Ontziola hau 1941ean sortu zuen Tomás Ruiz de Velascok, eta 500 pertsona iritsi ziren lan egitera haren 40.000 metro koadroetan. Hemen egiten diren trabeskako ureratzeak itsasadar osoko deigarrienak dira.

Metro batzuk aurrerago, Sociedad Franco Española de Trefilería, Cablería y Tranvías Aéreos aurkituko dugu, Senret eta Chandonet frantsesek 1900ean sortua; haren eraikina Filiberto Bonvillain ingeniari frantsesak diseinatu zuen. Meatzaritzarako, zubietarako eta beste industria batzuetarako altzairuzko kableak egiteko asmoz sortu zen enpresa, eta, pixkanaka, sektoreko liderretako bat izatera iritsi zen. Gaur egun duen itxura, arrazionalista, 1939 eta 1967 artean Manuel eta Carlos Castellanosek egindako erreformen emaitza da.

Metro batzuk aurrerago, itsasadarrera irekitzen den plaza bat aurkituko dugu, leku egokia Erandioko ontziralekua behatzeko, gaur oso gutxi erabilia, baina garai batean langileek ezkerraldeko fabrika handietara joateko zuten modurik bizkor, ekonomiko eta sinpleena izana. Gune hau errepidetik igarotzen ziren edo kaian lehorreratzen ziren produktuen eta salgaien kontrolerako aduana ere izan zen. Oraindik ere kontserbatzen da itsasadarrean ikus zitezkeen portuko garabi urrietako bat. Puntu horretan bertan, ontziolaren aldameneko fatxadan margotu den horma-irudi handiari erreparatuko diogu. Wallrat enpresak 2007an egina, haren 72 metro koadroek itsasadarraren ur-goraldia islatzen dute (argazki eskerga bat balitz bezala). Horrez gain, espazio honetan Jon Alberdi artista ezagunaren altzairuzko eskultura ezarri da, 8,5 metroko altuera duena, eta izenburutzat Estelaren Barrutik.

Erriberako Erandion zeharko gure bisitan aurrera jarraitu eta metro batzuk aurrerago, Jado kalearen kantoian, kromatismo erakargarria duen etxebizitza eraikin bat aurkituko dugu. Rafael Fontán arkitektoaren obra, 1940koa, nabarmentzen da inguruan, adreiluzko plaketaren eta krema koloreko iztukuaren ondorioz. Paseoan jarraituz, Cooperativa del Siglo aurkituko dugu, Martín Luciano Echevarrik 1873an diseinatua eta Luis Arana Goirik 1928an erreformatua; haren ezaugarri nagusia lauzekiko aurrealdea da, zeinean kooperatibaren izena dagoen idatzita.

Toki honetatik aurrera, industria jarduerak Erandioko gune honetan utzitako arrastoa ikus dezakegu, batez ere ontzigintzaren sektorekoa. Hemen sortu zen lehen ontziola industriala, Astilleros Ardanaz, Rafael Olazabalek sustatua 1917an. Urte batzuk geroago, hemen bertan ezarri zen Astilleros Celaya –geroago, ASTACE–, proiektu enblematikoekin, Guayas eskola-itsasontzia, adibidez. Horren ondoan, eta Errontegiko zubiaren azpian (José Antonio Torroja ingeniariak 1977 eta 1979 artean eraikitako ingeniaritza industrialeko obra garrantzitsuenetako bat), Westinghouse enpresaren antzinako eraikina altxatu zen, 750 langile izatera iritsi zena. Hozkailuak, garbigailu automatikoak, aire egokituko aparatuak, plantxa elektro-automatikoak, trenetarako osagaiak, auto baten prototipoak, autobus elektrikoak eta abar fabrikatzen ziren han, eta gaur egun hainbat enpresa aterpetzen ditu.

Aurrerago, eta jada gure ibilbidearen amaieran, Asuaren eta Ibaizabal-Nerbioiren itsasadarren elkargunetik igaroko gara. Han altxatu zen, aspaldi jada, Lutxanako Zubi historikoa; duen kokapen estrategikoarengatik, Bilboren sarreran baitago, suntsitu egin zuten 1836an, lehen karlistaldian. Lutxanako Guduaren agertoki nagusia izan zen; beste ertzetik gurutzatu behar izan zuten liberalen eta Cabras, San Pablo eta Banderas mendietatik beren posizioa defendatzen zuten karlisten artekoa izan zen gudu hura.

Metro gutxi batzuk aurrerago, Lutxanaren erdigunera iritsiko gara; bertan, paseoa antzinako zirga-bidetik amaitzeko aukera daukazu, edo, bestela, lotura egin dezakezu Erandio Begibistaneko ibilbideetako beste batekin.