4. ibilbidea. Goierri

Udalerriaren goiko aldean barneratzea Erandio ezezagun batean sartzea da, itsasadarreko industrien zalapartatik urrunduta.

Gozatu bestelako Erandio hau, errota, baserri, dorre eta ermita artean paseatuz.

h

PDF deskargatu

Google Maps

Wikiloc

Euskadiko Plazan hasiko dugu ibilbidea, Erandioren edo Erandiogoikoren bihotza izana aro industriala arte. Zalantzarik gabe, obra garrantzitsuena Andra Mari eliza da, historian zehar hainbat aldaketa izan dituen XV. mendeko tenplu gotikoa. Oinetan aurreratutako dorrea eta bi aldeetako zurezko arkupeak nabarmentzen dira hartan. Hiru portada gotiko dauzka, arkiboltez eta kapitel leunak dituzten zutabe txikiz osatuak. Oinetako harresian apuntatutako arkosolium batean Mayor de Zamudio eta Martín Ortiz de Martiartu senar-emazteen hilobia dago, haien harrizko busto banarekin. Idazkun batek bi pertsona horiek identifikatzen ditu, tenpluaren eraikuntza ordaindu zutenak, eta oheko armarriek haien leinuak.

Zentro honetatik gertu antzinako udaletxearen eta eskolen eraikina aurkituko dugu, Casto de Zabalak 1889an diseinatua herriko zentro administratiboa izan zedin. Handik metro gutxira antzinako hilerria dago, zeinaren portada 1881ean diseinatu zuen Francisco Ciriaco de Menchacak.
Leku honetatik aurrera, eta Agirre eta Lekube J.A. plazatik abiatuta, Magdalenako errepidea hartuko dugu, belardi eta baratze artean izen bereko santutxora eramango gaituena. Eraikin txiki hau otoitzera eta eskaintzak egitera bideratutako gurtza-lekua da; kaperaren aurretik igarotzean txanpon bat jaurtitzea izaten zen garai batean eskaintza.
Handik 50 metro ingurura San Kristobalen ermita aurkituko dugu, Goierri auzoan aurkitu ditzakegun hiruretako bat. XVII. mendeko eraikin barrokoa da, baina, 1957an egindako azken erreformaren ondoren, iparraldeko harresia baino ez du kontserbatzen jatorrizko egituratik. Antzina, jaia abuztuko lehen igandean ospatzen zen, baina gaur egun uztailaren 10era aldatuta dago.

Errepidean aurrera jarraituz, Goierriko antzinako eskoletatik pasatuko gara, Juan Carlos Guerra udal arkitektoak 1932an diseinatuak, euskal estilo berrikoak.
Magdalenako errepidearen eta Leioa-Unbe errepidearen (BI-2731) arteko elkargunera iritsi gara. Bide hau gurutzatu eta gero, Goierri-Martiartu errepidea hartu, eta hark Arruinaga eta Urederra erreken ondoan eramango gaitu, baserriz zipriztinduak, horietako batzuk antzina errota izanak, Martiartu dorrera iritsi arte. Bidea bi adarretan banatuko da bertan; bata Martiartutarren Dorreraino doa eta besteak Goiko Torreraino eramango gaitu, udalerriko zaharrena.

Lehen aukeraren alde egiten baldin badugu, bideak Gobelarrota baserriraino (Gollorta izenez ere ezaguna) eramango gaitu; han, erota bat egon zen garai batean, Urederra errekako ura baliatzen zuena, Bekoerrotatik, handik metro gutxira zegoen beste baserri batetik, zetorren kanal goratu txiki baten gaineko ubide baten bidez. 1896an Villaríasko Markesaren jabego ziren, Martiartutarren leinuko oinordekoa, baina 1968an funtzionatzeari utzi zioten.

Errotak atzean utzita, Goierri auzoko hirugarren ermitaraino iritsiko gara, Paduako San Antoniorenera. XVII. mendean eraiki zen, Ortiz de Asua familiarentzat kapera pribatua izateko; familia hori zen Martiartuko dorrearen jabe, hala ebatzi zuelako bere testamentuan kideetako batek: Juan Ortiz de Asua Guecho y Martiartuk, hain zuzen ere. Haren seme eta oinordekoak, On Diego de Asua Guecho y Martiartuk, gauzatu zuen obra 1658an, eta, hala jasota gera zedin, honako hau dioen idazkuna jarri zuen armarriaren azpian:
ESTA ERMITA HIZO HACER POR SU DEBOCION D. DIGº DE ASVA GVECHO y MARTTU. DVEÑO I SR. DE LAS MISMAS CASAS SIENDO DIPUDO DE VIZª EL AÑO DE 1658.
(ERMITA HAU EGINARAZI ZUEN BERE DEBOZIOARENGATIK D. DIGº DE ASVA GVECHO y MARTTUK. ETXE HAUEN JAUN ETA JABE BIZKAIKO DIPUTATU IZANIK 1658. URTEAN.)

Leku honetatik Martiartutarren dorrea miresteko aukera daukagu, monumentu izendatua 1995ean. Defentsarako eraikina da, Udondoren ibarra mendean hartzen duena. Dorrea leku estrategikoan dago, eta Plentzia eta Bilbo arteko bideak kontrolatzen ditu, barruko beste batzuez gain. Haren fisionomiak XVI. mendeko eraikina dela pentsarazten digu, zeinean erremate dekoratiboa nabarmentzen den, baina haren harresiek aurreko etapa batekoa dela pentsarazten digute, XIV. eta XV. mendekoa. Hareharrizko blokez eraikita dago, eta horietan itsas jatorria duten era tertziarioko fosilak ikus daitezke.

Geure urratsetan atzera egin eta bigarren bideari lotuta, XVII. mendeko edo antzinagoko baserri kopuru handiena aurkituko dugu, batzuk hondatuta eta beste batzuk ondo kontserbatuta. Bidean aurrera Ugarte ingurura jarraituz (“uharte” hitzetik dator, zeinak, euskaraz, bi uren arteko espazioa definitzen duen, auzoa Urederra eta Arruinaga erreken artean baitago, garrantzitsuak beste garai batean), jatorria Erdi Aroan duten bi dorre aurkituko ditugu.

Zaharrenak, Goiko Torrek –XV. mendekoa–, izaera militarra izan zezakeen Ugarte-Uribe bidean duen kokapenarengatik, defentsarako posizio moduan edo bidesaria kobratzeko. Dokumentuetan 1798an agertzen da lehen aldiz, Francisco de Ugarte eta Teresa de Ganari lotuta, nahiz eta eraikuntzaren data lehenagokoa izan. Oinplano angeluzuzena duen bolumen kubikoa da Goiko Torre, dimentsio txikiak dituena, bi solairutan eta ganberan banatua. Gezileiho ugari dauka, eta haren jatorrizko sarrera goratuta dago hegoaldeko partean.

Beko Torre, berriz, etxebizitzako eta nekazari-abeltzaintzako zereginetara izandako bilakaerak eta ezarritako gehigarri ugariek maskaratzen dute gaur egun, baina jatorriz XV. mendekoa da. Hala ere, XVIII. mendera arte ez zen agertu haren jabe Juan Ortiz de Ugarteri buruzko lehen aipamena, nahiz eta 1799an titularra María de Aguirre Mota izan.

Hemen amaituko da Erandioren jatorrietan zeharko ibilbidea, elizateko espaziorik landatarrenera gerturatu gaituen paseoa, dorrez, errotaz eta ermitaz zipriztindua. 2. autobus urbanoa har dezakezu (Martiartutorrea-Enekuri) edo zeure urratsetan atzera egin. Goierriko antzinako eskolen ondoan Bizkaibuseko geltoki bat aurkituko duzu, ibilbidearen hasierara eramango zaituena, Erandiogoikoan.