1. ibilbidea. Altzagako ibarra

Altzagako Ibarra 1860 eta 1900 artean garatu zen, José María Jadoren, lurren jabe nagusiaren, orube batzuk eta antzinako zirga-bidea, gaur egun Bilbo eta Areeta lotzen dituen errepidearen ernamuin izango zena, urbanizatu zirenean. Une horretatik aurrera, industria handiak iritsi ziren, eta landa-eremuko elizate txikia, Erandiogoikoko gune nagusia, Altzagara jaitsi zen, Erandio garaikidea sortuz.

h

PDF deskargatu

Google Maps

Wikiloc

Tartangako arropa-garbitokitik hasiko gara; Erandion neurri higieniko-sanitarioetan izandako aldaketa irudikatzen du. Inguruan izandako azken kolera izurria XIX. mendearen amaieran gertatu zen. Biztanleen neurri higienikoak aldatu behar ziren, eta, horregatik, Udalak arropa-garbitoki hau eraiki zuen, biztanleen osasun ohiturak hobetzera bideratutako neurri ugarietako bat. Arropa-garbitokiak funtzio horri eutsi zion ia-ia 1970eko hamarkadara arte.

Hemendik gertu, eta gure paseoan aurrera jarraituz, La Esperanza etxebizitza multzoari begiratzeko geratuko gara, Sociedad Española de Construcciones Navales sozietatean lan egiten zuten bazkide batzuek 1923an eraikiak, kooperatiba erregimenean, eta Ángel Líbano udal arkitektoak diseinatuak euskal estilo berrian. Herritarrek “etxe merkeak” deituak, Erandion XIX. mendearen amaieraz geroztik zegoen jende-metaketaren eta langileentzako etxebizitzen gabeziaren isla dira.

Itsasadarreko errepiderantz joko dugu; hor ibili zen animaliaz tiratutako Compañía Tranvía Bilbao a Las Arenas konpainiaren lehen tranbia, itsasadarraren eskuinaldeko herriguneak konektatzen zituena. Erandiok Desertun, Lutxanan eta Axpen izan zituen geralekuak. Gune honetatik aurrera herriko industrialdera iritsiko gara, eta, ezkerraldera bira eginda, antzinako arrain-leku, ontziola eta tailer industrialen artean, Gestamp eraikina aurkituko dugu, automobilen osagarriak diseinatzera, garatzera eta fabrikatzera dedikatutako nazioarteko talde baten jabegoa. Jatorriz, eraikinaren jabe Industrias Aguirena izan zen, makineria elektriko astuna fabrikatzera dedikatua. Eraikinaren proiektua Alfredo Palomarrek egin zuen, 1953an, eta klasizismo argiko atari monumental dotorearen ondorioz nabarmentzen da.

Eraikin honen aurrean Astilleros de Muruetaren instalazioak ikus ditzakegu, 1943an jaiotako enpresa. Ontzigintza-enpresa garrantzitsua, espezializazio handikoa, 156 metro luze den harmaila batekin. Pelikano motako garabiak udalerriko zeruan nabarmentzen dira, inguruak izandako ontzigintza tradizio luzearen enblema bihurtuta gaur egun. Metro batzuk aurrerago, Sociedad Franco Española de Trefilería, Cablería y Tranvías Aéreos dago, Senret eta Chandonet frantsesek 1900ean sortua; haren eraikina Filiberto Bonvillain ingeniari frantsesak diseinatu zuen. Meatzaritzarako, zubietarako eta beste industria batzuetarako altzairuzko kableak egiteko asmoz sortu zen enpresa, eta, pixkanaka, sektoreko liderretako bat izatera iritsi zen. Jado familiaren jabego zen 8.000 metro koadroko lursail batean eraikia, gaur egun duen itxura 1939 eta 1967 artean Manuel eta Carlos Castellanosek egindako izaera arrazionalistako erreformen emaitza da.

Gure ibilbideko hurrengo mugarria José Luis Goyoaga kaleko 31. zenbakiko etxebizitzen eraikina da, Antonio Araluce arkitektoak 1929an diseinatua, bere balkoi barroko paregabeekin. Legazpi eta San Jeronimo kaleen artean antzinako udal azoka aurkituko dugu, Germán de Aguirrek 1960an diseinatutako obra, hormigoizko arkitekturaren adibide, bistako hormigoiz egindako isuri bakarreko estalkiarekin, leihate handiekin eta sarrera nagusia babesten duen lauza hegalduarekin. Gaur egun udalerriko kultur etxea da.

Metro batzuk aurrerago, Irailaren 23ko plazan, daude Musika Kioskoa, 1901ean egina burdinazko arkitekturaren jarraibide dekoratiboei jarraituz, eta Udaletxea, Casto de Zabala arkitektoak XIX. mendearen amaieran diseinatua; gaur egun duen fisionomia 1991n egindako berreraikuntzako esku-hartzearen emaitza da.
Metroaren gaur egungo plazan arkitektura benetan apurtzaile baten adibideak ikus ditzakegu, gustu klasikoagoko beste batzuekin batera.

Azken horian artean, Bereterretxe kaleko 2. zenbakiko etxebizitza-eraikinari erreparatuko diogu, Santos Zunzunegui arkitektoaren lana. 1935ean eraikia, hartan dorre handi angeluarra eta leihoetako eta behatokietako elementu dekoratiboak nabarmentzen dira. Handik gertu, berriz, San Agustin plazan, abangoardiako arkitekturaren adibide moduan, izen bereko eliza aurkituko dugu, Germán Aguirre arkitektoak 1975ean altxatua; erreferentziazko obren egile izan zen Aguirre, hala nola Bilboko Zabalguneko azokarena eta Erandiokoarena. Bistako hormigoizko arkitektura agerian uzten duen eraikina; haren alderdirik bereziena estalkia da, paraboloide hiperboliko forma duen hormigoizko xafla bat, teilatuaren lana egiten duena.

Hartatik metro gutxira, eta gure ibilbidea metroaren plazan amaitzetik gertu, Bilbo-Plentzia antzinako trenbideko lur azpiko lehen geltokia dago. Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitektoak 1988an diseinatua, diseinu postmodernoko haren beirazko eraikin zilindrikoa nabarmentzen da.