3. ibilbidea. Enekuritik Erandiogoikoara

Ibilbide hau Asua ibaiaren meandroen ondotik igarotzen da, San Pablo mendiaren hegalaren eta Txorierri haranaren artean. Nekazaritzako elementuak elementu industrialekin nahasten direneko Erandio aurkitzen da hemen, elizatearen jatorrietara iristeko.

h

PDF deskargatu

Google Maps

Wikiloc

Ibilbidea Enekuri gainean hasiko da, itsasadarreko trafikoa eta Lutxanako zubiko pertsonen igarotzea zaintzeko erabiltzen zen kokaleku estrategikoan; handik defendatu zuten tropa karlistek Bilboko setioa, tropa liberalei eraso eginez Lutxana hartzean, 1836ko abenduko gudu ezagunean.

Enekuritik irten eta ipar-ekialderantz joko dugu, BI-604 errepidearen gaineko pasarela zeharkatuz, eta 300 metrora, BI-3741 errepidearen bi aldeetan, San Pablo etxebizitza multzoa aurkituko dugu, zeinak izena kokatuta dagoen menditik hartu zuen. Bilboko Udalak egin zuen proiektua 1941ean, Erandio hiriari atxiki berri zenean, eta etxeen diseinuaz Juan Carlos Guerra arkitektoa arduratu zen, baserrien arkitektura imitatzen duen euskal estilo berriaren bidetik. Eraiki ziren 50 etxebizitzetatik, udal etxebizitzak gerraostean izandako garapena erakusten duten dozena bat baino ez da gelditzen.

Leku honetatik Ibaizabal-Nerbioiren itsasadarraren industria gunea ikusten da, baita Erandioren zati handi bat ere: Lutxana, Enekuri, Kukularra, Arriaga, Faoeta, Asua eta Erandiogoikoa, bai eta Txorierri harana ere, Loiuko aireportua aurrean dela.

Mendi-bideari etxebizitzen artean jarraituz errepidearen iparraldean, 300 bat metro egingo ditugu oinez eta eskuineko bidezidorra hartuko dugu, San Pablo gotorlekura hurreratuko gaituena, lehen karlistaldian Erandioren historiako egunik odoltsuenetako baten lekuko isil izana. 1836ko abenduaren 24ko arratsaldean, Espartero jeneralaren tropek Cabras mendiko posizioak irabazi eta itsasadarraren ezkerraldearekiko komunikazioak ziurtatu eta gero, San Pablo gotorlekuari eraso zioten, azken oztopo karlista biharamunean askatuko zuten Bilbon sartu aurretik.

Geure urratsetan atzera egingo dugu mendi-bideraino, eta Faoetarantz jarraituko dugu; han, San Pablo eta San Bernaberen ermita aurkituko dugu, XVI. mendekoa eta Erandioko zaharrena. Xumea izan arren, Andra Mari elizari atxikitako parrokia izatera iritsi zen. Eraikinak kalte handiak izan zituen lehen karlistaldian, eta haren harrietako asko San Pablo gotorlekua eraikitzeko erabili ziren, muinoaren gainean. Ermita bisitatu eta gero, Faoeta auzoa zeharkatuko dugu, udalerriko bizigune zaharrenetako bat, baserriak izandakoa XVIII. mendeaz geroztik.

Bidezidorrean aurrera jarraituko dugu iparralderantz, eta, Txorierriko korridorearen gaineko pasarela zeharkatu eta gero, BI-604 errepidea hartuko dugu Asua auzo langileari behatuz; auzo horren garapena Erandiok XX. mendearen erdialdean izandako hedapen industrialaren eta itsasadarraren ondoan espaziorik ez izatearen ondorio da. Gure ibilbidean hainbat enpresaren ondotik igaroko gara, hala nola Indumetal (Industrias Reunidas Minero Metalúrgicas), auzoko zaharrena, 1928an sortua eta oraindik ere enpresaren etxebizitza kontserbatzen duena, eta Abrasivos Mendiola, Andrés Mendiola Zabalak 1962an sortua, kobrea urtzearen ondoriozko zeparen bidez azaleren tratamendurako urratzailea fabrikatzeko.

Industria horiek atzean utzi eta gero, eskuineko bidea hartuko dugu, Asua ibaiarekiko paraleloa, eta 400 metro ibili ondoren Asuako Errege Portuak hartzen zuen lekura iritsiko gara, Erdi Aroan Bizkaiko barnealdean ekoitzitako burdina Kantauri itsasoraino garraiatzeko giltzarri izan zen pieza. XV. mendean nabarmendu zuen Henrike IV.a Gaztelako erregeak portu hori errege kalitatearekin, horri esker zergak ziurtatuz Koroarentzat. Asuako Errege Portuaren inguruan, zeinaren kaiaren zati bat kontserbatzen den oraindik ere, ostatu eta benten urbanismo bat eratu zen, Posta etxea eta Atxaerandio adibidez, oraindik ere ikusgai gure ibilbidean. Leku honetatik, eta BI-737 errepidearen biribilgunea gurutzatu ondoren, Torreta auzunerantz joko dugu; Asuako Dorrearen hondakinak daude han, Juan Sánchez de Asuak XV. mendean eraikia, Asuako Portuko salgaien trafikoa kontrolatzeko, handik gertu.

BI-737 errepidera itzulita, mendebalderantz joko dugu, Erandio eta Loiu arteko errepide elkargunera, handik Erandiogoikoko bidean zehar jarraitzeko Andra Mari eliza dagoen guneraino iritsi arte, historian zehar hainbat aldaketa izan dituen XV. mendeko tenplu gotikoa.
Haren arkitekturan, oinetan aurreratutako dorrea eta bi aldeetako zurezko arkupeak nabarmentzen dira, baita dorrearen ondoan apuntatutako arkosoliuma ere, zeinak tenpluaren eraikuntza finantzatu zutenen hilobia aterpetzen duen –Martín Ortiz de Martiartu eta Mayor de Zamudio senar-emazteak–, haien harrizko busto banarekin. Idazkun batek identifikatzen ditu han lurperatutako bi pertsonak, eta oheko armarriek haien leinuak.

Elizaren aurrean Erandioko antzinako zentro administratiboa ikusiko dugu, antzinako udaletxearen eta eskolen eraikinak osatua, Casto de Zabalak 1889an diseinatua, eta handik metro gutxira antzinako hilerria, zeinaren portada neoklasikoa 1881ean diseinatu zuen Francisco Ciriaco de Menchacak.

Hemen amaituko dugu Erandioren bilakaera historikoan zehar gidatu gaituen eta udalerriaren zati garrantzitsu bat ezagutzeko aukera eman digun ibilbide hau.
Dena dela, 4. ibilbidearekin lotura ere egin dezakegu (Goierri. Erandioren jaiotza) eta udalerri honen jatorriak ezagutzen jarraitu.