2. ibilbidea. Lutxanako San Jose auzoa

Bilborekiko eta Altzaga auzoarekiko mugen artean Lutxana aurkituko dugu, industria historikoen eta langileen etxebizitzen espazio hibrido eta hibridatua.
Ibilbide honek udalerriko ezezagunena den gune honetara hurreratzen zaitu; ondarearen alderdien artean agerikotasun txikiena dutenak aurkitzeko jakin-mina dutenentzat pentsatua dago.

h

PDF Deskargatu

Google Maps

Wikiloc

Lutxanara iritsi gara, Lutxanako gudu ezagunaren Lutxana, lehen karlistaldiko (1833-1839) borroka hartakoa, zeinean Isabel II.aren aldeko ziren liberalen armadak Karlos V.a defendatzen zuten tradizionalistena garaitu zuen. Gaur egun, Ibaizabal-Nerbioi ibaiaren bi ertzetan lehiatu zen gudu baten kronika baino ez zaigu geratzen hartatik.

Metroak erdigunean utzi gaitu, eta, han, La Cocinal-en zeramikazko kartelak egiten digu harrera zeramikazko dekorazio tailerra egon zen lekuan, Manuel eta Calixto Emiliano Amannek 1917an irekia; Bilboko Particular de Costa kalera lekualdatu zuten ekoizpena gero, eta 1941ean itxi zuten, era horretako produktuen eskariak behera egin zuenean.

Hemendik Lutxanako antzinako eskolak ikus ditzakegu, Ángel Líbanok 1924an diseinatuak eta, plaza eskaria zela-eta, 1931n erreformatu behar izan zirenak, Pedro de Ispizua arkitektoak zuzendutako obren bitartez. Euskal estilo berrian eraikiak, zutabeen kapiteletako xehetasun plastikoen zainketarengatik eta behealdeko guneko harri modu landatarrean zizelkatuaren kuxindurarengatik nabarmentzen dira. Gaur egun, eraikin honek zenbait proposamen sozio-kultural hartzen ditu.

Eskolei atxikita, langile izaera nabarmeneko eraikin multzo bat aurkitzen dugu; horien artean, Lutxanako San Jose kaleko 2. zenbakiko etxebizitzen eraikina nabarmentzen da, behealdean La Estación jatetxea aterpetzen zuena, 30eko hamarkadako urteetako tipografia ederrez errotulatua.

Handik metro batzuetara Compañía Española de Pinturas La Internacional-en gune handia dago, 1918an Sotero, Zubiaur y Cía.ren eskutik sortutako industria, lanean aritua 1966ra arte. Enpresa hori, ongarri organikoen ustiapenerako sortua, Londresko “The International Paint and Compositions Co.” enpresaren –1881ean sortua– pinturak, antikorrosiboak, bernizak eta antzeko produktuak Espainian saltzera ere dedikatu zen. Nabarmentzekoak dira leihoen eta inpostaren adreilu gorrizko azpadura zaindua, xehetasun dekoratiboak eta fatxada nagusiko armarria. Atentzioa ematen du, halaber, publizitate iragarki handiak ere, Ibaizabal-Nerbioiren itsasadarrean zehar aurkitu ditzakegun ezaugarri horretako adibide bakanetako bat. Compañía Española de Pinturas La Internacional gure itsasadarraren eskuinaldeko arkitektura industrialaren adibiderik ikonikoena da. Fabrikak Felix Iñiguez de Onzoñok 1959an diseinatutako etxebizitzak izan zituen, enpresek haietan lan egiten zuten langileentzako egindako etxebizitzen adibideetako bat; Erandion horietako zenbait daude, batez ere aurreko mendearen erdialdeko urteetan eginak.

Jada itsasadarraren erriberan (antzina emakumeek, soka edo zirga batetik tiraka, txalupak ibaian gora gidatzen zituzteneko zirga-bidea izana), Lutxanako antzinako ontziralekua kontserbatzen da, gaur egun erabilerarik gabekoa, 1940an eraikia bi ertzak konektatzeko eta langileak egunero fabriketara eramateko.

BI-711 errepidea hartuko dugu iparralderantz, eta Asua ibaia gurutzatuko dugu Lutxanako zubi historikoaren gainean eraikitako zubi berritik.
Bilbon sartu aurreko leku estrategikoa, hainbat gerratan suntsitua. Lehen karlistaldian –1836– Lutxanako Guduaren agertoki nagusia izan zen; beste ertzetik gurutzatu behar izan zuten liberalen eta Cabras, San Pablo eta Banderas mendietatik beren posizioa defendatzen zuten karlisten artekoa izan zen gudua.

Lurraldeko historia lezio honekin, eta kokagune honen garrantzian pentsatuz, BI-735 errepideko desbideraketa hartuko dugu, Asuarantz, eta Ibáñez de Betolaza etxebizitza multzora iritsiko gara, Germán Aguirrek eta Hilario Imazek 1955ean diseinatua eta Corona Arritola y Urquijok (Marcelino Ibáñez de Betolazaren alargunak) sustatua, handik gertu zegoen metalezko altzarietarako burdinazko hodien fabrikan –1903an sortua– lan egiten zutenei ostatu emateko.

Gure urratsak Hilerria-Plaiabarri bidetik zehar berriro ere Asua ibairantz zuzenduta, beste ertzera igaroko gara, eta nabe industrialen artean berriro ere Lutxanarantz joko dugu, harik eta metroaren errailekin topo egin arte. Handik Bilbo-Areeta-Plentzia Trenaren eraldaketa-zentrala ikusten da, eraikineko zeramikazko idazkunak iragartzen duen moduan. Instalazio elektriko honen proiektua 1914an egin zuen Calixto Emiliano Amann arkitektoak. Hemendik altuera hartzen hasiko gara Enekuri Bidean zehar. Igoeran, Cabras mendia ikusiko dugu, ibaiko trafikoa eta Lutxanako zubiko pertsonen igarotzea zaintzeko baliatzen zen kokagune estrategikoa.

Enekuri gainean eta gure ibilbidea amaitzetik gertu, Fatimako Andra Mari eliza aurkituko dugu, Calixto Emiliano Amannek diseinatua eta 1954an inauguratua. Apaizaren etxea eta lanbide heziketako eskolarako zein parrokiako eskolarako ikasgelak ere izan zituen. Aipamen bitxi moduan, ikusten dugu kanpandorrea eraikin nagusitik bananduta dagoela.

JARRAI IEZAGUZU: